2015(e)ko apirilaren 21(a), asteartea

Euskal Herriko kostaldea bizikletaz

EUSKAL HERRIKO KOSTALDEA BIZIKLETAZ

Abanto - Baiona

Apirilaren 4tik 7ra

Euskal Herria kostaldetik


Apirilak 4, Abanto - Bakio

15:00tan lotu gara. Goizean goiz ateratzeako asmoa genuen baina azkenean arratsaldean atera behar izan gara. Bidegorria hartu dugu eta Gallartatik Portugaletera joan gara.


Han itsasontzia hartu eta itsasadarra gurutzatu dugu. Bidegorria jarraituz eta Getxoko Haixerrota ezkerretara utziz kostaldetik Sopelara ailegatu gara. Sopelako hondartzatik pasatu gara eta bidexka batean sartu gara. Bidean putzuak zeuden eta bizikletak lohiez beteta amaitu dute. 



Handik Plentziara errepidetik joatea erabaki dugu. Tenperatura aski ona zen eta pedalei eraginez Plentziara heldu gara. 


Herria hondartzatik zeharkatuz eta Gorliz atzean utziz Armintza ipar hartu dugu. Hantxe lehenengo aldatzak igotzen hasi gara. Txiri txiri Lemoizeko zentral nuklearrera heldu gara. 



Ubieta urtegia pasa ondoren, mendatearen gailurrean euria hasi da eta Bakioraino lagundu gaitu. Txaparrada ederra bota du baina behin Bakiora ailegatuta eguraldia hobetu du. 
Gaztetxe baten alboan kanpamendua muntatzea erabaki dugu.





Guztia ia prest genuenean euria hasi da eta gertu zegoen zubi baten azpira joatea erabaki dugu.













Iskanderrek makarroiak prestatu dizkigu eta kartetan jolastu ondoren lotara joan gara.





22:00tan lo zakuan sartu garen arren goizeko 4:00etan oraindik itzartuta geunden, lo egin ezinik. Ez ginen kanpadendan ondo sartzen, zorua gogor zegoen eta CO2 festa zirudien. Azkenean lo egitea lortu genuen.


Apirilak 5, Bakio - Mutriku

8:00tan iratzargailua jo du eta 20 minutu geroago jeiki gara. Kanpamendua jaso dugu eta taberna batean colacao bat eta tortilla pintxo bat gosaldu ditugu. 




Bakiotik ateratzean mendate bat igo dugu Gaztelugatxe ezkerraldean utziz.





Hortik beheruntz jo dugu Bermeorantz bertako eta portutik bueltatxo bat eman dugu. 




Mundakarako bidean ginela izekorekin topo egin dut eta Mundakatik padura inguratzeari ekin diogu. Errenteriara heldu gara, zubia gurutzatu dugu eta kilometro batzuk pasa ondoren Zelaietan bazkaltzea erabaki dugu. Taberna batean tortilla pintxoak eta ogia erosi ditugu eta horren terrazan makarroiak prestatu ditugu. 





Bazkaldu ostean Lekeitioruntz abiatu gara Arteagako gaztelua atzean utziz. Aldapak igo eta jeisten Ispasterren sartu gara. 



Errepide hori jarraituz Lekeitiora heldu gara. Eguraldi ona egiten zuen eta izozki bat jan dugu itsaso ertzean. 







Atseden hartu ondoren Ondarroa jomuga hartu dugu baina ateratzean Jon Andoniren katea puxkatu da eta trontxakadenas etxean ahaztu dugunez alikate baten laguntzaz Iskander eta biok konpontzea lortu dugu. Lekeitiotik Ondarrura 19km dira kostaldetik eta ibilbidea dezente laua zenez esfortzu handia egin gabe helmugara heldu gara.



Oraindik goiz zenez eta Ondarrun ezer egiterik ez zegoenez Mutrikura joatea erabaki dugu. 




Gipuzkoar lurretan sartu gara eta Mutrikuko portua ikustera joan gara.







Han, bertako andra bati kanpina ia non zegoen galdetu diogu eta aldapa handi bat igo behar izan dugu haraino heltzeko. Bidean Jon Andoniri katea apurtu zaio berriro ere eta oraingoan ez dugu pasadorea aurkitu, beraz, oinez egin behar izan dugu azkenengo kilometroak. Behin kanpinean ginela mailu batekin katea konpondu dugu eta kanpamendua muntatu dugu. 





Arrautz frijituak afaldu ditugu eta lotara joan gara.



Apirilak 6, Mutriku - Hondarribia

Goizeko 8:00tan esnatu gara.



Colacao eta arrautz frijituak gosaldu ditugu eta kanpadenda desmontatu ondoren Debarantza joan gara. Deban igogailu bat hartu dugu eta aldapa gogor bat igo dugu.


Bide horretatik eroso joan gara eta ezkerretara zegoen saihesbide batetik errepidea hartu dugu.



Aldatza igo dugu eta Getariaraino heldu gara, hortxe, berriro ere, katea konpondu behar izan dugu.


Getariatik Zarautzera kostaldetik joan gara txiri txiri eta Zarautzen eguneko menua hartu dugu. Nik marmitakoa, oilaskoa eta natilak jan ditut, zelako betekada!
Bazkaldu ostean Oriorako bidea hartu dugu, aldapa bat igo behar izan dugu baina aldatzaren erdian ginela katea apurtu da berriro ere.




Konpondu ostean Oriora ailegatu gara. Oria ibaia itsasorantz segiduz eskumaldean zegoen aldapa gogor bat igo dugu eta kostaldea inguratuz bide latz batetik joan gara.



Bidean artzain bat topatu dugu eta Donostiara ailegatzeko asmoa genuela esan diogunean barrezka hasi da.



Metro batzuk aurrerago jatetxe bat aurkitu dugu eta gizon batek goiko errepidea hartzeko eta Orion Donostiara doan errepidea hartzea gomendatu digu, eta horixe egin dugu. Aldapa igo eta maldan behera errepidera ailegatu gara Iskander eta biok baina Jonan ez zen agertzen. Bera ailegatze katea berriro ere apurtu zaiola konturatu gara eta konpontzeaz nazkatuta geundenez Donostiaraino topoa hartzea eta han katea aldatzea erabaki dugu.


Jai eguna da baina bizikleta denda bat irekita aurkitu dugu eta txirrindula konpontzea lortu dugu.




Goiz zenez jarraitzea erabaki dugu eta bidegorrietatik eta errepideetatik Irunera ailegatu gara.



Hantxe dirua atera eta Hondarribiarako bidea hartu dugu kanpina han baitzegoen. Kanpina oso ondo zegoen eta dutxa hartu ostean afaldu dugu eta lotara joan gara.



Apirilak 7, Hondarribia - Baiona


8:00tan esnatu gara eta gosaldu ostean kanpadenda azken aldiz batu dugu. Txiri txiri mugarantza joan gara eta muga pasa ostean igogailu bat hartu dugu. Bizikletaz ibiltzeko oso erosoa zen egurrezko pasarela batetik joan gara.




Donibane Lohitzunen bazkaltzeko asmoa genuen, beraz "La velodysee" bidegorria hartu dugu, edo behintzat, hori egiteko asmoa genuen. Bihurgune batera heldu gara eta bidegorriko seinaleak alderantziz zeuden, hau da, Bretañatik Hendaiarako bidea egin nahi zutenentzat begira eta ez besteontzat. Bidegorria zirudien bidexka polit batetik sartu gara Bidasoa ibaiaren ertzetik.



Ibaian gora gindoazela bistakoa zen barrualderantz jotzen ari ginela, hala ere, aurrera jarraitu dugu eta azkenean Berara heldu gara. Bertan pintxo batzuk hartu ditugu eta berriro ere martxan jarri gara, aitzina!!


Pio Barojaren etxea eskumatara utziz portutxo bat igo dugu.




Gailurrean muga zegoen eta aldapa behera joan gara Herboureraino.





Hortxe errepide zabalago batetik Urrugnera joan gara eta bazkaltzeko ordurako Donibane Lohitzunen ginen. Oso eguraldi ona egiten zuen.






Erosketak egitera gindoazela Trapagarango lagun batekin topo egin dugu, ondoren, hondartzara joan gara.


Makarroiak eta san jakobo arraro batzuk bazkaldu ditugu eta apur bat deskantsatu dugu.






Arratsaldean martxan jarri gara berriro ere, oraingoan gure bidaiaren helmuga helburu. Nekatuta geunden eta herririk herri ibili gara.


Errepide lauak eta aspergarriak ziren. Bat batean McDonald´s bat ikusi dugu eta McFlurry bat hartu dugu bertan. Baionara lehen bait lehen heldu nahi genuen, eta ez genekien zenbat kilometro egin behar genituen oraindik haraino heltzeko. Bizikletak hartu eta pedalei eragiteari ekin diogu. 10m-tan Baionan ginen!



Alde zaharrera joan gara eta bueltatxo bat eman dugu herritik. ELKAR dendan sartu gara tren geltokia non zegoen galdetzera, izan ere, Baionan, bakarrik %1ak euskaraz daki eta bagenekien liburudenda horretan euskararen aldeko esfortsua egiten dutela. Trenez Hendaiara joan gara, egindako argazkiak begiratzen. Hendaian topoa hartu dugu eta Donostiara heldu gara. Ordu horretan ez zegoen Bilborako trenik, bakarrik Durangora. Azkenean, ordu eta erdi barru ateratzen zen autobusa hartu dugu. Bilbotik Gallartara kotxez joan gara.