Interrail Norbegian
2015eko Otsailaren 20tik 2015eko Otsailaren 27ra
Iskanderren amari Norbegiara joateko bi pertsonentzako hegaldia tokatu zitzaion zozketa batean eta Iskanderrek bidaia hori egitera gonbidatu ninduen!
Txapela buruan eta ibili munduan!
MARTXOAK 20, BARIKUA
Bilbo - Madrid - Oslo
Egunean zehar motxila prestatu dugu eta kanpindenda eta janaria erosi ditugu.
Gaueko hamabietan Iskanderren bila joan gara Las Karrerasera eta termibusetik ordu batean atera gara Madrilera. Seiretan Madrilera heldu gara, motxilak forratu ditugu hogeita bi euroren truke eta ondoren fakturatu ditugu. Kontrola pasa eta gero sei euroko gosaria hartu dugu bertako kafetegi batean. Zazpiak eta hogeita bostetan hegazkinera sartu gara, hegazkineko izotza kendu dute eta goizeko zortziretan Oslorako bidea hartu dugu.
Hiru ordu eta erdiko bidaia izan da eta denbora gehiena lotan pasa dugu. Amsterdameko iparraldea zeharkatzen ari ginenean itzartu gara eta ordu erdi ondoren Norbegia hegazkinetik ikusi dugu. Pinuz, elurrez eta izotzez betetako lurraldea.
Osloko aireportuan hamaika eta erditan lurra hartu dugu eta faktutatutakoa jaso ondoren autobus batean sartu gara Osloko erdialderuntz. Hiru ordu laurden eman ditugu autobusean eta azkenean Osloko geltoki zentralera ailegatu gara.
Turismo bulegora joan gara eta kanpinga itxita zegoela esan digute, beraz, aterpetxe batean egin behar izan dugu lo. Aterpetxeak Anker zuen izena eta ez zegoen gaizki, behintzat sukaldea eta WIFIa zeukan. Logela alokatu ondoren zentrutik ibili gara supermerkatu baten bila.
Osloko erdialdea janari prestatua saltzen duten lokalez gainezka dago eta denbora luze eman dugu pasta eta ogia saltzen zituen super arrunt bat aurkitzeko. Azkenean merkatal zentru bateko Osloko informazio puntu batean galdetu dugu eta bertan eskailerak behera zegoela esan digu. Ogia, makarroi kilo bat eta tomatea erosi ditugu, nahiko merke Norbegiako prezioak ikusita, 84 Nok guztira, zortzi euro eta erdi gutxi gora behera. Jateko berandu egin zaigu eta atean bertan bokata batzuk prestatu ditugu, arratsaldeko lauak eta erdietan.
Bazkaldu eta gero bueltatxo bat ematera joan gara kostalderuntz eta gaztelu bat ikusi dugu, Akershus fortaleza eta gaztelua, 1299an eraikia Håkon V erregearen esanetan.
Kanoiak ikusi ditugu eta bostak eta hogeietan Norbegiako ikurraren jaitsiera ikusi dugu.
Ondoren portura joan gara.
Zazpiretan aterpetxera heldu gara. Londreseko gazte bat zegoen gure logelan eta Txinan bizi zela kontatu digu. Pertsonaia frikia zen, eta oso jatorra.
Ondoren makarroi batzuk prestatu ditugu bertako sukaldean eta tenedore bakarra genuenez bi txandetan afaldu behar izan dugu.
Zortzirak eta erdietan lotara joan gara eta ingeles mutila bere ordenagailuan filme bat ikusten utzi dugu. Ordu erdi ondoren japoniar gazte bat logelan sartu da arineketan eta irribarretsu, sukaldeko armairu guztiak zabaldu ditu eta ezer esan barik joan da. Gutxi barru berriro etorri da eta afaria prestatzen hasi da.
Sartaginean pizza bat egin du! Iskander eta biok barrez gainezka geunden! Iratzargailua jarri dugu eta lotan gelditu gara.
MARTXOAK 21, ZAPATUA
Oslo - Myrdal - Flåm
Gaueko bostak eta erdietan Iskanderren iratzargailua jo egin du! Arin amatatu dut eta lotara joan naiz, zazpiretan altxatu behar ginen eta. Iratzargailua jo zuenetik denbora asko pasa zela konturatu naiz eta badaezpada ordua begiratu dut. Zortziak eta bostak!!! Eta trena zortziak eta hogeitabostetan ateratzen da geltokitik! Korrika joan gara geltokira eta trena azken momentuan hartzea lortu dugu!!!!
Bergen helmuga zuen trena hartu dugu eta ordu batean Myrdalera heldu gara. Trenean sartu eta minutu batzuk pasa ondoren komunera joan gara gure burua garbitzera eta gero Iskander kafetegira joan da eta bi txokolate katilu ekarri ditu.
Bere eserlekuan eseri da eta nahi gabe txokolatea gainetik bota diot.
Hasieran bidaia ez da oso ikusgarria izan baina kilometroak pasa ahala paisaia aldatzen hasi da eta Myrdaletik gertu zeuden herrixka oso txikiak izugarri politak ziren. Oso eremu zabaletan zeuden herrixkak kokatuta eta elurrez eta izotzez beteta zegoen paisaia.
Ipar poloan bagina moduan sentitzen ginen.
Bidean ginen bitartean bazkaria prestatu dugu eserlekuko mahaitxoan, bi bokata txorizo eta bokata bat urdaiazpiko.
Myrdalera heldu gara eta trenetik jaistean hotz handia nabaritu dugu. Argazki pare bat atera eta berehala Flåmera zihoan trenean sartu gara.
Trenaren barrukaldea egurrezkoa zen.
Munduko trenik aldapatsuena da eta berrogeita hamar minututako bidai oso polit baten ondoren Flåmera ailegatu gara.
Flåmen ez dago inor ez, baina oso polita da. Fiordo batean kokatuta dago, Aurlandsfjord izenekoa.
Kanpinak itxita daude sasoi honetan, beraz, kanpadenda landa batean muntatzea erabaki dugu. Ingurua behatu dugu denda leku on batean kokatzeko asmoz. Aldapa bat igo dugu bere gailurrean zegoen landan kanpamendua muntatzeko asmoz baina ezin izan dugu bertan jarri eremu partikularra zelako.
Berriro jeitsi behar izan dugu. Errepide bat jarraituz akanpatzeko eremu paregabea aurkitu dugu, itsas ertzean eta fiordoari begira. Han kokatzear ginela seinale bat ikusi dugu. <<NO CAMPING. TENT WILL BE REMOVED>> esanez. Hori dela eta beste leku bat bilatu behar izan dugu.
Honako honetan izkutaturik egon behar zuen. Errepide alboan zegoen amildegitxo batetik gora egin dugu, motxila pisutsuekin ez da gauza erreza izan, baina lortu egin dugu eta inon baino hobeto muntatu dugu kanpalekua.
Kanpamendura seietan ailegatu gara eta oso goiz zenez sukarri (sua egiteko harria, su-harri, sukarri. Hitz horretatik dator Sukarrieta leku izena. Erderaz Pedernal, horregatik, Sukarrieta erderaz Pedernales du izena. Hau guztia ez dakigu ofizialki egia denik, izan ere, Iskanderrek gogoeta eginez ateratako suposizioa da) batekin sua egiten saiatu gara. Adarrekin funtzionatzen ez zuenez papera behar genuela pentsatu dugu eta paperen eta desodorantearen laguntzarekin sua egitea lortu dugu. Adarrak hezetazun handia zutenez suak ez du asko iraun eta argazkiak egiten egon gara gaua heldu arte.
Gauean, hurrengo eguneko plana prestatzen geundela Flåmeko mapak sua egiteko erabili ditugula konturatu gara, beraz hurrengo egunean turismo bulegora joan beharko gara beste mapa baten bila. Colacao hotz bat afaldu dugu amaren bizkotxoarekin eta Bergenen zer egingo genuen pentsatu dugu.
MARTXOAK 22, DOMEKA
Flåm - Gudvangen - BergenKostatu zaigu lo egitea. Haizea egin du gauean eta hasieran euria egin du. Ez nengoen lasai, hurrengo egunean malda kaxkar bat jeitsi behar genuen eta bustita edo elurtuta egongo balitz gorriak ikusiko genituen. Hasieran ez ginen hotz baina denbora pasa ahala hotza gehiago nabarmentzen zen. Kanpadendari bi manta termiko jarri dizkiogu goikaldean eta bekaldean eta mendiko praka luzeekin, kamiseta termikoarekin, plumas batekin, lo sakuarekin eta txano batekin egin behar izan dugu lo. Iratzargailuak zazpiak eta erdietan jo du eta zorionez ez zuen eguraldi txarrik egiten eta zorua siku zegoen. Bi banana oso hotz gosaldu ditugu eta kanpamendua kendu dugu.
Harrizko amildegitxoa jeistea lortu dugu eta Flåmeko turismo bulegora joan gara. Han sardina lata bat gosaldu dut eta Iskanderrek colacao hotza hartu du.
Motxilak bulegoan bertan utzi ditugu eta ibilalditxo bat egin dugu egurrezko elizararte. Ibai ertzetik joan gara, izotzez beteriko errepide batetik.
Eliza kanpotik ikusi dugu, baita bere inguruan zegoen kanposantua ere.
Aurrerago joan gara eta Volvo markako todoterreno militar bat ikusi dugu.
Buelta eman dugu eta turismo bulegora joan gara berriro ere. Ordu batean heldu gara eta denbora soberan genuenez trenen museo bat ikustera joan gara. Horretan ezagutu dugu nola lortu zuten etorri ginen trenbidea egitea.
Objetu bitxiak ikusi ditugu eta trenbideetatik ibiltzeko aintzinean erabiltzen zituzten ibilgailuak arreta piztu digute.
Museoaz gozatu eta gero, hirurak eta hamarretan, itsasontzi bat hartu dugu eta fiordo barrena eraman gaitu Gudvangenera heldu arte, bi orduz.
Gudvangenen autobus bat hartu dugu Vosseraino baina txartelaz ezin izan dugu ordaindu, beraz, Vossera heldu garenean kutxazain batean dirua atera dugu eta bidaia ordaindu dugu.
Vossen trena hartu dugu Bergeneraino, ordu bete iraun du bidaiak.
Bergenera ailegatu garenean gidan ateratzen ziren aterpetxeen bila joan gara, baina gehienak itxita zeuden! Gidan ateratzen ez zen aterpetxe bat aurkitu dugu baina check innga goizean egin behar zen! Dena den atea jo dugu eta galtzontzilotan zegoen japoniar batek atea ireki du!!!! Logela beteta zegoela esan digu eta berriro ere kale gorrira...
Hotz ginen, nekatuta geunden eta gaua zen eta gure B plana martxan jarri behar izan dugu: hotel bat bilatu. Hiriko erdigunetik gertu hotel bat aurkitu dugu eta beste aukerarik ez zegoenez gaua han pasatzea erabaki dugu.
Nahi genuena baino gehiago ordaindu dugu baina merezi izan du. Ohe bat hartzeko gogoak genituen!!!
Ondoren lotara joan gara.
MARTXOAK 23, ASTELEHENA
BergenGoizean ekipajea batu dugu eta harrerara jeitsi gara txartelak bueltatzera eta ordaintzera. Bertan gosaria prezioaren barruan sartzen zela konturatu gara eta kriston gosaria hartu dugu barra librean!! Arraultz bana, saltxitxak, bakona, yogurta eta zukua hartu dugu.
Hoteletik atera gara informazio bulegorantz. Bertan Bergeneko lekurik interesgarrienak zeintzuk ziren galdetu dugu, eta "Bergen pass" txartela erosi dugu. Txartelatekin garraiobideak eta museo gehienak dohan izan ditugu berrogeita zortzi orduz eta bakarrik hogeita bost euotan. Bulegotik atera eta Ymca aterpetxerantz abiatu gara, Bergeneko aukerarik honena zen eta. Aterpetxea oso ondo dago, 16 ohetako logela batean egingo dugu lo, egongela bat du eta sukalde ona. Ymcan motxilak utzi ondoren egitaraua prestatu dugu.
Ondoren erosketak egitera joan gara eta ogia, zuku bat, pizza bat eta saltxitxak erosi ditugu.
Makarroiak bazkaldu ditugu eta berriro Informazio bulegora joan gara, txartelaren ordua aldatzeko asmoz.
Brygen auzora joan gara, Bergeneko auzorik zaharrenera. Oso polita zen, etxe guztiak egurrezkoak ziren eta oroigarri batzuk erosi ditugu.
Aterpetxera bueltatu gara eta pizza afaldu dugu.
MARTXOAK 24, MARTITZENA
Bergen8:30tan Esnatu gara eta colacao bat hartu ondoren Fløyen funikularra hartu dugu.
Hortik bidexka bat jarraituz izoztuta zeuden bi laku ikusi ditugu eta ondoren Rundemanen mendiaren gailurrerantz abiatu gara.
Bidean quad izugarri bat ikusi dugu. Flipatzen molatzen.
Haize handia eta elurra egiten zuen eta bidea ez zegoen oso argi. Dena izozturik zegoenez ez genekien zer zen zorua eta zer izozturiko lakua beraz kontu handiz ibili behar izan gara.
Gailurrera heldu gara, bistak oso politak ziren baina arin bueltatu behar izan gara elurra oso gogor jotzen zituelako gure aurpegiak.
Berriro ere funikularra hartu dugu eta bi museo ikustera abiatu gara.
Lehenengoa museo kulturala zen eta oso oso aspergarria izan da.
Hurrengoa itsasontzien gaia erakusten zuen eta interesgarriagoa zen baina oso nekatuta geundenez ez dugu asko disfrutatu.
Hostelera joan gara eta berriro ere makarroiak bazkaldu ditugu.
Arratsaldean aterpetxean gelditu gara oso nekatuta geundelako. Deskantsatu eta gero oilasko bat erosi dugu afaltzeko eta Iskanderrek gidan aurkitu duen izotzezko tabernara joan gara. Heldidea jarraituz baratzerako tresneria saltzen zuen denda batera ailegatu gara, hor egon beharko litzateke taberna baina ez zegoenez aterpetxera bueltatu gara.
Afaria prestatu dugu, afaldu eta sofan eseri gara eta neska norbegiar bat gurekin hitzegiten hasi da.
Euskal Herriari buruz hitz egin dugu, gero Laponiari buruz txapa eman digu, ondoren hango erlijioari buruz hitz egin du eta amaitzeko telebistan agertzen zen sute baten inguruan hitz egin du. Oso nekatuta geunden eta ohera joan nahi ginen baina neska hori ez zen isiltzen. Azkenean ohera joatea lortu dugu.
9:30tan esnatu gara eta autobus bat hartu dugu telefericorantz. Bergen pass-a ezin izan genuen han erabili beraz tiketa ordaindu behar izan dugu.
Eguraldi ona egiten zuen beraz Ulriken mendia igotzea erabaki dugu. Ulriken mendia Bergeneko mendirik altuenena da. Bidean ginela bi pertsona ikusi ditugu menditik parapentearekin botatzen hirian lurra hartzeko asmoz.
Elurrez gainezka zegoen mendia, oso polita zen. Jendea ipar eskia egiten zuen bertan.
Ibilalditxo bat egin ondoren gailurrera heldu gara. Ez zuen haize handirik egiten eta ez ginen oso hotz, horregatik, begiruneak ikusten gelditu gara momentu batez.
Argazki batzuk atera eta gero funikularrera bueltatu gara.
Behin hirian ginela aterpetxera joan gara eta genituen makarroi guztiak egosi ditugu.
Gero aquariumera joan gara. Aquariumean itsas txakurrak eta pinguinoak ikusi ditugu kanpokaldean.
Barrukaldean aldiz, krokodiloak, sisareak eta arrainak ikusi ditugu.
Etxera heltzean gida begiratu dugu izotzezko tabernara joateko. Momentu horretan konturatu gara taberna hori Osloko Bergen kalean zegoela eta ez Bergenen!!! Azkenengo eguna zenez denbora aprobetxatzea erabaki dugu eta Oslotik 6km-tara zegoen egurrezko eliza bat bisitatzera joan gara. Tranbia hartu dugu eta 17 minututan han ginen. Bertako supermerkatuan etxera eramateko konserbak eta salmoia erosi ditugu (etxera heltzean trutxa zela konturatu naiz) eta baso txiki bat zeharkatuz elizara heldu gara. Oso polita zen, txikia eta egurrezkoa.
Pena gaua zela eta ezin izan dugula ondo ikusi. Tranbia hartu dugu eta berriro Bergenera joan gara. Aurreko egunean erositako oilaskoa sukaldatu dugu eta ez zaigu gustatu. Tortila frantzesa egin dugu baina oso gazia geraru da, Iskanderreri gatza potea sartagin barrura jauzi zaiolako.
Afaldu ondoren ohera joan gara.
MARTXOAK 26, EGUENA
Bergen - Voss - Oslo
Goiz altxatu gara Vosserako trena hartzeko asmoz baina jeikitzea kostatu zaigu eta trena galdu dugu. Ordu bete itxaron behar izan dugu hurrengo trena hartzeko, bitartean, "Narvesen" denda batera sartu gara eta dowap antzeko bat eta txokolate bero bat erosi dugu. Doowapa ez zegoen jaterik, oso txarra zegoen. Trena hartu dugu eta ordu bete ondoren Vossen ginen. Aterpetxeko neskatxak Voss oso polita zela esan zigun baina euri zaparrada galanta ari zen, beraz, ez dugu ezertxo ere ikusi. KIWI MINIPRIS supermerkatuan ogia erosi dugu eta kalean bazkaldu dugu aterpe batean. 13:13tan Oslorako trena hartu dugu. Bidaia aspergarria izan da. Muekak egiten zituen andra btek gure eserlekuetatik bota gaitu berak erreserbatu egin zituelako. Top Gear kapitulu bat ikusi dugu eta 5 ordu eta erdi eta gero Oslora ailegatu gara. Osloko aterpetxera joan gara dena uztera.
Kebab batera joan gara afaltzera. Kebaba ez zegoen goxo, baina tira... Aterpetxera joan gara eta bi pertsona zeunen. Bati hurrengo egunean etxea emango zioten Oslon eta hor lo egin behar izan zuen. Besteari hotelaren erreserbarekin arazoak izan ditu eta aterpetxean lo egitea bururatu zitzaion.
MARTXOAK 27, BARIKUA
Oslo - Madril - BilboGoiz esnatu gara eta autobus geltokira joan gara. Aireportura zihoan busa hartu eta bertan motxilak babestu ditugu.
Azkenengo oroigarriak erosi ondoren Madrilerako hegazkina hartu dugu.






















































iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina